KAFE ALEAK
121 DISKO IRAKURKETA
AA.VV
Azken urte eta erdian, liburu bat prestatzen ibili gara. 121 pertsonak idatzitako 121 diskori buruzko testuak bildu ditugu bertan. Kontzertuetan eta bestelakoetan ezagututako musikazaleei, musika kazetari eta kritikariei, diskoetxeen arduradunei eta bestelako kultur eragileri eskatu genien disko bat aukeratu eta hari buruzko testu bat idazteko (musikariak kanpoan utzi genituen). Ikuspuntua haien esku utzi genuen: izan zitekeen musikari estuki lotutakoa, politikoa, pertsonala. Hainbeste ikuspunturen arteko nahasketa. Baiezkoa eman ziguten lagunen testuak jasoko ditu liburuak. Tamalez, berandu ezagutu genituen zenbait pertsonari ezin izan genien proposamena egin.
Urte eta erdi denbora luzeegia da liburu batekin bueltaka ibiltzeko. Bizitzako hainbat gertaerak, testuen itzulpenak, zuzenketak, maketazioak, bidean aurkitutako zenbait arazok, argitalpena luzatu dute.
Kafe aleak izango da liburuaren izena, eta irailean argitaratuko da, euskara hutsean. Besteak beste, talde hauei buruzko testuak idatzi dituzte: The Smiths, Bikini Kill, Bap!, Fugazi, Palace, Marvin Gaye, Chavela Vargas, Benito Lertxundi, Lole y Manuel, Dut, Janis Joplin, J.S. Bach, Tom Waits, Ruido de Rabia. Idazleen izenik ez dugu emango oraingoz. Gutxi batzuk aukeratzea ez litzateke gainerakoentzako justua; gainera, misterio apur bat gordetzea ere ez da txarra izaten. Jende interesgarriak parte hartu du, ziur izan (eta ikaragarri eskertzen diegu parte hartu izana).