ANALFABETOA
IÑIGO ASTIZ MARTINEZ
Axolagabe doaz hodeien itzalak lurrean zeruaren alfabetoa hedatzen, bere jende koreografian dabil hiria eta kanta doinu bat jaurti dit auto batek erabat identifikatzerik lortu ez dudana. Gogorarazi dit nola gurutzatzen nauten uhin ikusezinek beren mezu deigarriez. Guztia mintzo zait hemen ulertzen ez dudan zerbaiti buruz. Behin hieroglifiko bat laztandu nuen, bero datorkit haren azalera hatzetara, eta poztasun berarekin igartzen dut orain, igarri baino ez, guztiaren atzean badela kode bat ahoskatzea debekatu zaidana.