ALDIRI ARKITEKTURA ETA ABAR 2. ZENBAKIA (KOSTA AHALA KOSTA)
Azken urteotako krisialdi ekonomikoak turismoarekin erlazionatutako etxebizitza berrien garapenkeria zerbait apaldu badu ere, sustapen publikoko proiektutzarrek superportuek, itsasoko ura gatzgabetzeko instalazioek, itsas parke eolikoek eta enparauek kostaldearen oreka eta iraunkortasuna kolokan jartzen jarraitzen dute. Garapenaren eta berrikuntzaren izenean justifikatzen zaizkigu aipatutako ekipamendu handiak, benetan berritzailea dena naturaren berezko balioa aintzatestea denean.
Higiezinen egungo eredu kolonizatzaileak itsasbazterra erabat urbanizatzera garamatza. Aldaketa klimatikoak eragindako itsasoaren mailaren igoera itxarotea baino ez al zaigu geratzen kostaldea garbitzeko? Ezezkoan gaude. Dagoeneko hausnarketa autokritikorako garaia dela uste dugu.