CARLOS DRUMMOND DE ANDRADE ANTOLOGIA
DRUMMOND DE ANDRADE, CARLOS
Carlos Drummond de Andrade Brasilgo poesiako autore kanonikoetako bat dugu, literaturaren historietako XX. mendeko atalean salbuespenik gabe ageri zaiguna. Korronte modernistan kokatu izan da gutxi-asko, baina haren bigarren belaunaldiko kide gisa edo modernismoaren ondorengo gisa. Modernismo hitzak esanahi aski diferenteak gorde ohi ditu literatur tradizioaren arabera. Brasilgo literaturan, 1922ko Arte Modernoaren Astean jartzen da abian modernismoa, besteren artean, Mario de Andrade, Oswaldo de Andrade eta Manuel Bandeiraren eskutik. Azken honi eskaini zion Drummondek poema zorrotz eta umoretsu bat, Literatur politika. 1922ko Belaunaldiko kideek askatu zuten Brasilgo poesia egitura tradizional eta metrika zurrunetatik, eta Drummondek berak ere, haien ildoan, bertsolerro eta poesia librearen hautua egingo du, Poetaren begiramena poeman irakur dezakegun moduan.
1902an jaio zen Itabiran, Minas Gerais probintzian. Jaioterria sarri ageri da bere poesian, antologia honen irakurleak konprobatu ahalko duen legez. Garai politiko eta sozial gorabeheratsuak bizi izan zituen: 1930eko iraultza, Getulio Vargas-en agintaldiak, estatu kolpeak, 1964tik aurrerako diktadura militarra... Garai gatazkatsu horren zantzuak sumatzen dira lerro nahiz lerroarteetan. Poeta moduan da ezbairik gabe ezagun, baina prosa lanak ere argitaratu zituen, ipuinak eta kronikak batik bat.