DAKIGUN HORI
ARRULA RUIZ, GARAZI
Bizi ibilbide baten peskizan jartzen gaitu Dakigun hori kronika nobelatuak: Idoiaren bizi aztarnak metatzen ditu idazle batek, sortzen den unetik helduarora arte. Idoiak komunitate sektario bat hartu du euskarritzat, eta bai hautu hori, bai horrek haren inguruan sortu duen krakatekoa ulertu nahi du Idazleak. Gaztearen sinesmen bideetan eta erabakietan barrena garamatza, aroz aro eta geruzaz geruza, irakurlea aztarnategi batean arakatzera jarrarazteraino. Idoiaren bizikide eta bidelagun izandakoen lekukotzak josten dira, baita idazlearen esku-oharrak ere. Bizi puska fosilduak pilatzen dira. Arrasto bila, seinale bila, zentzu bila, ulermen bila. Ahots horiek guztiak Idoiaren ausentziaz, urruntze afektiboaz eta bakartze sozialaz mintzo zaizkigu, eta, aldi berean, argira datoz Idoiaren kide horiengan trabeska korapilaturiko zauriak, ardurak, damuak, ekinak, esanak... Erabakimenaz galdekatzen gaitu liburuak, baita bizi hautuen geruza afektibo, sozial, ideologiko eta are existentzialez ere.
