EKIN ETA JOKA: AZKEN IKERKETAK EUSKAL TEATROAZ
AA.VV

Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz liburua hainbat ikerlariren ekimenez sortu den proiektua da. Azken urteetan egin diren sei ikerlanen bertsio laburrak elkarrekin argitaratzea zuten egileek asmoa, Amaia Alvarez Uriak koordinaturik. Bakoitza ikerlan banaren egile izanik, guztiek zuten kezka bera: euskal teatroaren testuinguruan azterketa eta gogoeta mailan dagoen hutsunea betetzen hastea, izan memoria historikoa edo teatro garaikidearen azterketa. Haiei hitzaurre eta hitzoste bana gehitu dizkiote ondoren, zortzi artikulu biltzen ditu beraz Ekin eta Joka liburuak.
Hauek dira liburuan bildu diren artikuluak eta haien egileak:
Patri Urkizu, Hitzaurrea: Euskal teatroaren azken ikerketez gogoeta xume batzuk.
Amaia Alvarez-Uria, Katalina Eleizegi, zurian beltz taulan hezur-mami.
Ixabel Etxeberria, Piarres Larzabalen obra (1951-1982), euskal identitatearen paradigmak.
Idoia Gereñu, Teatroan izan ginenaz. XX. mendeko hiru aro esanguratsu.
Karlos del Olmo, Aresti, euskal antzerki garaikidearen harroina.
Arantzazu Fernandez, 70. hamarkadako belaunaldia: Errautsak (2010). Antzerkigintzaren norabide aldaketa.
Agus Perez, Hamaika puntu kardinalak.
Jaime Valverde, Hitzostea: Memoriaren elkarlana.
Honela aurkeztu dute EHAZEko kideek liburua:
EHAZE-Antzerkizale elkarteak plazer handiz aurkezten dizue Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz liburua. Azken urteetan gauzatu diren sei ikerlanen edo ikerbideren laburpenak, eta haiei testuinguru historikoa jarri dieten hitzaurrea eta hitzostea. Denera zortzi izen euskal teatroaz gogoetan liburu bakarrean: Patri Urkizu, Amaia Alvarez Uria, Idoia Gereñu, Ixabel Etxeberria, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez eta Jaime Valverde. Egile hauek aspaldi zerabiltzaten gomutan euskal teatroaren ikerlan beharrak eta hutsuneak, eta, pausoz pauso, liburu hau osatu dute: bakoitzak bere esparrutik eta eginahaletik landu dituen gaiak batu eta horren bitartez euskal teatroari beste begirada bat luzatzen hastea izan dute helburu. Beraz, esku artean duzun hau ez da historia-liburu bat, baina bai ahalegin historiko bat.