FALTA (EZ) DIREN GAUZAK
AINARA LASA
Jokoa eten zenean hasi zen FALTA. 1984ko ekainaren 15ean.
Egun horretan ez ginen laura iritsi.
Eraman zuten ama, ihes egin zuen aitak, galdu nituen haurtzaroa, gorputza eta osabak.
Agur, moketa gainean oinutsik osabekin jolasten emandako garaiari. Hainbat etxetan anai-arrebak, seme-alabak, gurasoak,
falta eta osaba-izebak bikoiztu ziren garaiari. Haur haiei esan nahi nieke niri kontatu zizkidatela eurentzako ziren ipuinak, dena ez zela erabat galdu.
Egun horretan ez ginen laura iritsi, baina lau izan dira kontakizun honen aldiak, 4 ziren bestaldeko lekuak, familian lau gara gu.
FALTA (ez) diren gauzak proiektuaren garapena da liburua. Erakusketarako landutakoaren lanak soilduta datoz, testuak zein koadroak. Geruzaz geruza da eranzten historia, lau aldietan geldiuneak eginez; bizitza sekretua, amaren espetxealdia, aitaren erbestealdia, aitaren kartzelaldia. Garai baten gakoak agerian, dena da gardena, haurraren begirada bezala.
Jolas kolektiboa proposatzen da liburuan, jokoa has dadin berriz. Haria zu zara.
Eta soinekoak hegan doaz galdu nuen gorputzaren bila.