GELDI 2011-2017 - GOITIBEHERA JAITSIERAK
ARRIETA, USUE / VAZQUEZ, VICENTE
GELDI 2011-2017 Goitibehera jaitsierak Euskal Herriko goitibeheren fenomenoari buruz argitaratu den lehen liburu monografikoa da. Gailu artistiko gisa diseinatu eta konfiguratuta, etnografia eta argazkigintza dokumentalak eskaintzen dituen tresnez baliatzen da. Argitalpen honek, modernitatearen esperientzi estetikoaren parte esanguratsua diren, lan industriala eta errepideetatik eratorritako mugikortasunaren inguruko hausnarketa egiteko espazio bat zabaltzen du. GELDI 2011-2017 Goitibehera jaitsierak hiru gorputzetan zabaltzen den zenbakitutako eta sinatutako serie limitatuko argitalpena da, euskaraz eta gazteleraz idatzia eta ingelesera oso-osorik itzulia. Argitalpenak ehunka argazki biltzen ditu, bi inbentario osagarri, eta argitalpenerako idatzitako edo eta itzulitako testu kritiko sorta. Goitibeherak bide asfaltatuetan behera jaisteko erabiltzen diren motorrik gabeko ibilgailu auto-eraikiak dira. Haien eraikuntza eta erabilpena Euskal Herrian erroturik dagoen kultur jarduera bizia da. Bertako modernitatearen ezaugarri izan diren bi fenomeno garrantzitsuren arteko bidegurutzean agertzen dira: bailaren industrializazioa batetik eta errepideen asfaltatzea bestetik. Goitibeherak industri makineria astuna eta automobilgintza piezak berrantolatuz sortzen dira, lantegian ikasitako ezagutzak asmamenaren zerbitzura jartzen dituztelarik. Mundu materiala birziklatu, zatitu, eraldatu eta berrantolatzeko gaitasuna dutenez, egungo mundua irudikatzeko ahalmena dute eta lanaren esfera tradizionaletik harago, bizitzaren alderdi