NEGUAN IZAN ZEN
LETE, XABIER
Egunsentiaren esku izoztuak
liburuko poema hautatuen errezitaldia
Hamabost urte argitaratu gabe egon ondoren, 2008ko abenduan Egunsentiaren esku izoztuak poesia liburua plazaratu zuen Xabier Letek. Esan liteke bertan azaltzen direla, modu garatu eta orekatuagoan, agian, aurreko liburuetan nabarmentzen ziren gai, arrangura eta kezkak, estilo, taxukera, hiztegia
, hots, egilearen mundu metaforiko eta poetikoa. Aspaldi honetan bizi izanikako esperientziak gogoetatuz, iragan ederrarekiko miresmena, maitasunaren gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa elkarri lotu eta bilbatuz, ahots poetikoa lurralde sakon eta sentituagoetatik, zinezkoagoetatik, da mintzo, ezinago sinesgarri; ohi bezala, azala eta mamia egoki uztartuz, poesia hiztegi eta iruditeria ederrez jantziz.
Hori dena eta gehiago aurki daiteke liburuan. Guztiarekin ere, zenbait poema hautatu errezitatuz jendaurreko aurkezpen bat egitera ere adoretsu prestatu zen. Aukera Iruñean gauzatu zen, bertako Planetarioan eta argitaletxearekin elkar-lanean Euskara Kultur Elkargoak antolaturik. Eta hala, liburua plazaratu berritan, 2008ko abenduaren 2an, bezperan zendu Mikel Laboa gogoan, ospatu zen errezitaldia, musika tarteak Joxan Goikoetxeak eskaini zituelarik. Aretoa mukuru beterik, ekitaldi gogoangarria gertatu zen. Hain oihartzun bero eta sentikorrekoa izan zen, non prest azaldu baitzen hasieran bakarra izanen zen errezitaldia errepikatzeko. Ondorioz, beste hiru emanaldi antolatu ziren, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean (2009-02-05), Bilboko Kafe Antzokian (2009-02-10) eta Izpurako (Garazi) Faustin Bentaberry Gelan (2009-02-20). Bereziak izanen zirelakoan, eta testigantza biltze aldera, hasieratik pentsatu zen egokia zatekeela ekitaldiak filmatzea. Hain zuzen, lau emanaldi horietan bildutakoaren bilduma da DVD honetan eskaintzen dena. Teknikoki desberdinak izanagatik ere, ez berdin erabilgarri, beraz, lau tokietako irudiak agertzen dira.
Lau horien ondotik izan dira beste zenbait errezitaldi 2009 urtean zehar. Zarautz (2009-03-27), Usurbil (2009-05-15), Hernani (2009-09-18) eta Durango (Plateruena Kafe Antzokian. 2009-10-31), eginak jada, eta urtea amaitu baino lehen programaturik daudenak: Elgeta (Espaloia Kafe Antzokian, 2009-11-29) eta azkena Urnietan (Sarobe aretoan) eguberri garaian.
-
·Udazkeneakoak atalean
Eguneroko etxean
Hiria zatikatzen duen ibaia
·Vulnerant omnes atalean
Negua Venezian
Uste izan genuen
Zenbat aldiz mintzatu ginen
Itinerarium, Antonio Machadoren bidetik
Ezagutu ditut gerla galduetatik
Beste leku ez hain urrunekoetan
Ezin dizuet ezer gehiago eskaini
Gure aita, zeruetan eta herbestean zarena
·Joan zirenei atalean
Eskaintza, F. L. O. nere aita zenari
·Obabako lurraldeari begira atalean
Urtarrileko eguerdi batean
·Neguan izan zen atalean
Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut
Elurtu ote dira elorri xuriak
Gauez bakarrik dago dena
Kantu xahar batek
Zergatik samintzen nauzue hainbeste
Enparantzetako haur horiek
Neguan izan zen
Neguko abenduetan
Azken hilabete haiek