NEGUKO ARGIAK
IRATI ELORRIETA AGIRRE
«Zer esan behar zion?», pentsatu du Añesek Berlineko bere sukaldean Xuanekin batera afaria prestatzen ari dela: «Hildako batekin egin duela azkenengoz larrutan?». Marta etorri da, karaoke bat inprobisatu, eta Pariseko Komuna gogora ekartzen duen kantua abestu du.
Eszena eta ahots franko zelatatzen ditu eleberriak, erritmo azkarreko film baten gisan. Añesen eta Martaren ibilbideak zeharkatzen dituzten hainbat pertsonaia badatoz eta badoaz, leihoetan piztu eta itzaltzen diren argiak bezala, irristan. Porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatuz, leku eta denbora ezberdinetako eszenak proiektatzen dira gizatalde solte baten barne munduan. Egileak eraikitzen duen puzzle gisako horretan, pertsonaia bilakatzen dira leku batzuk: Paris, Uribe Kosta eta, batez ere, Berlin. Osagai horiekin, aldez hutsal aldez gako diren uneen friso bizia ondu du Irati Elorrietak bere bigarren liburuan.