ZAPATAK
JOXEMARI CARRERE
(Altxatzen da. Norbaiti zuzenduko balitzaio bezala. Orain bere ahotsa indartsu entzuten da. Sendo.)
Zer egin dizugu? Zer?! Zergatik tratatzen gaituzu zakur amorratuen gisa! Errotarrian lotuta dagoen astoari bizitza duinagoa ematen diozu. Zapaltzen ditugun osinak baino balio gutxiago dugu. Zerri jana ere ez omen dugu merezi. Eta zer gelditzen zaigu orduan? Bizitzaren patua datorren bezala onartzea? Harriak bezain mutu bizitzea? Zer gelditzen zaigu, geure burua gutxietsi errua gurea dela sinistu arte? Horretarako gara sortuak? Ba, ez duzu lortuko
Egilea
Hamasei urterekin hasi nintzen antzerkian, Oiartzungo Intxixu taldean. Ia kasualitatez. Patri Urkizu irakasleak institutuko klasekoei galdetu zigun Intxixun jendea behar zutela eta ea nor animatzen zen. Gure patua kasualitatez osatua da. Aktore lanaz eta antzerkiaz piperrik jakin gabe, bat batean, eszenatokian nintzen antzerki euskaldunaren muinean sartuta, eta lehenengo papera inkisidorearena, gaztelaniaz: ¡Apóstata es esta tierra!. Hori euskal sorginen gaineko lan batean, Inexa. Ondoren Iparragirre Ama Zorro etorri zen, eta hemen bando bat frantsesez irakurri behar. Halaxe ekin nion antzerkia euskaraz egiteari. Gabonetako ikuskizuna etorri zen gero, deabrukeriak eginaz XVIII. mendeko euskal antzerkian. Mario Benedettiren Pedro eta Kapitana izan zen Intxixuren azken antzerki lana, 1985ean. Tarte horretan Eusko Jaurlaritzak zabaldu berri zuen Antzerti antzerki eskolan urtebetez aritu eta, beste gauzen artean Stanislavski nor zen ezagutu nuen, protagonista eta antagonistekin «objetibo» eta «superobjetibo» bilatu bitartean. Handik aurrera bestelako antzerki talde eta lan. Maskaradarekin Gernika 37-87 antzezlanerako errubio aldatu nintzen, gidoiaren eskakizunak, nonbait. Kontalaritza etorri zen gero, kasualitatez hau ere, edo kuriositatez. Eta eszenografiekin, harri jasotzailearen eszenarako bertsioa amaitu zen, kontalaritzan hitza baita altxatu beharreko zama, omen. Artista guztiok bilatzen dugun arrastakatsu izateko bidean jarri nintzen. Eta beste gauza garrantzitsu asko, gogoan ez ditudanak, hitz hauek idatzi arte. Hamaika antzezteko jaioak gara.